Bi anai

Apur bat gehiago alderatu nintzenean bi figura ikusi nituen, karrilen artean zutik jarrita eta elkarri eskua emanez, bi anaiak. Mendiaren zulotik oso gertu zeuden, baina hari bizkarra emanez, ibarrari begira.

Hainbeste ahaleginez egin nuen hegaletan, non trenari jotzeko arriskuan egon nintzen. Trena azaldu baitzen zulotik ni abiatzearekin batera. Doi doi libratu nintzen bere kolpetik, gorputza ia minez jarri arte okertuz.

Trenaren burrundara ohitua ez nengoenez, zoraturik ibili nintzen une batean, aidean gelditutako ke artean norabidearekin ezin asmatuz. Azkenez trenbidera begiratu nuenean bi antzarra ikusi nituen trena pasatako lekuan; bat oso handia bestea arrunta. Niregana zuzentzen zituzten lepoak, gida eske.

-Zatozte nire atzetik -esan nien- Nik ezagutzen ditut zeruko bideak.

Bi anai
Bernardo Atxaga

Publicado en  on Septiembre 16, 2008 at 2:32 pm Dejar un comentario
Tags: , , ,

Xalbador

Azken egunotan igo ditudan testuak erdaraz izan dira, beraz, dinamika hori apurtzeko, Xalbadorrek bere Odolaren Mintzoan bildu zituen pare bat bertso jartzea erabaki dut. Lehena, oso ezaguna, Mikel Laboak ere abestutakoa, Herria eta hizkuntza bilduman agertzen zaigu:

Anai-arrebak, entzun ene aho-otsa:
izaite bat ez daike hezur hutsez osa;
herria da gorputza, hizkuntza bihotza;
bertzetik bereztean bitarik bakotxa,
izaite horrendako segurra hil hotza.

Bestea, ez hain ezaguna, Esperantzarik gabeko amodioa sortakoa. Inoiz ikusi dudan amodio adierazpen hunkigarriena:

Aitortzen dautzut, ene maitea, goiz aski banakiela
etzintaizkela enea izan, bertze batentzat zinela;
bainan halere maitatu zaitut, ez bainezaken bertzela;
ene bihotza, bizi naizeno, izanen zaizu fidela,
zuretzat bizi ez banitaike, zuretzat hil nadiela!

Publicado en  on Agosto 15, 2008 at 10:52 am Dejar un comentario
Tags: , , , , , , , ,

Euskara batua

Euskara batuaren sorrera beti egon da eztabaidaz josita, eta ez dira eztabaida hauek gatazka politikoa eta armatuaz libratu. Zenbait euskalkitan h letra ez zen ia ezertarako erabiltzen, eta batuan garrantzi handia lortu zuenez, hainbat pertsonek politikarekin nahastu nahi izan zuten letra mutua. Hurrengo bi adibideak Koldo Zuazok erakusten ditu bere Euskara batua: ezina ekinez egina liburuan.

La h es un símbolo político aunque lo nieguen muy sesudos señores, aunque vayan investidos de seráficos hábitos. Tan político como pueda ser la hoz y el martillo, la cruz gamada o las dos a la vez.

Tus hijos y el euskera (El mito del “batua”)
Josu Arenaza

Agian, irakurle, ikurrintzat h-a zergaitik artu zuten jakin naiko duzu. Ba…, h-ari eleneraz ETA esaten zaiolako. ETArrak baitziran, ain zuzen, “el batua”ren sortzaille aiek danak!

Bixente Latiegi

Eta bitxikeri bezala, baina ez aurrekoei arrazoia emateko asmoarekin, Euskaltzaindiaren leloa: Ekin eta Jarrai. Eta oraindik Entzutegi Nazionaletik pasa gabe!

Publicado en  on Julio 10, 2008 at 10:41 am Dejar un comentario
Tags: , , ,

Gizona bere bakardadean

Bernardo Atxagak Gizona bere bakardadean eleberrian arrantzale andaluz, gailego eta euskaldunen arteko desberdintasunak modu bitxi batean aztertu zituen. Batere oinarri zientifikorik gabe, pentsatzen duguna baina errealistagoa izan daiteke…

“Aurrena gauza bat esango dizuet, asko animatuko zaituena”, adierazten zien oso tonu serioan ikasle berrien betizutasuna aprobetxatuz. “Ba, estudio bat egin omen duk barku handietan ibiltzen diren marinelekin, eta, beste gauzen artean, marinel horiek portu batera iristean nola jokatzen duten aztertu omen diate. Eta begira zer gauza interesgarria, begira zer alde handia marinel andaluz, gailego eta euskaldunen artean. Andaluzak, iritsi portu batera hilabete bat-edo itsasoan pasa ondoren, eta aurrenekoak izaten omen dituk barkutik jaisten. Eta jaitsitakoan ahalik eta gehiena urruntzen omen dituk portutik, hirian barruratzen omen dituk. Gailegoak, berriz, berkutik jaitsi eta portuan gelditzen omen dituk, han ingurutik bueltaka. Eta euskaldunak? Ba, euskaldunak barkuan geratzen omen dituk, atera gabe. Batzuk arropak konpontzen, besteak bazkari berezi bat egiten, hurrengo batzuk kartetan… baina, nolanahi ere, denak barkuan. Eta zer esan nahi du horrek? Nire ustez, euskaldunak oso ondo etsitzen duela espazio txikietan, nahikoa zaiola paseatzeko ehun metro karraturekin. Beste hitzetan esanda, eta ja ja hau asko interesatzen zaizue zuei, euskaldunak oso ondo prestatuak gaudela gartzelan egoteko.”

Gizona bere bakardadean
Bernardo Atxaga

Publicado en  on Junio 26, 2008 at 2:40 pm Dejar un comentario
Tags: , , , ,

Euskal Herri imajinario baten alde

Euskal Herriaren nortasuna eta etorkizuna defendatzerakoan, gehienetan Historia liburuetara jotzen dugu, gure iragan askea edo Nafarroako Erreinua goratuz. Hala ere, espainiar nazionalistek beti dute bere Historia propioa hauei aurre egiteko, eta azkenean Historiari buruzko amaiera gabeko eztabaidak sortzen dira; ea zer herrialde den zaharragoa, Historia manipulatzearen salaketak… Santi Leoné-k, gure izaera, abertzaletasuna eta independentzia aldarrikatzeko etorkizunera begiratzea gomendatzen digu, abiapuntua oraina izanik, Historiaren auzia behingoz baztertuz.

Euskal Herria herri asmatua da; argudioa, erne egonez gero, hamaika tokitan aditzen ahal da irratiko solasaldietan, mahai-inguru politikoetan, iritzi artikuluetan. Espainia, berriz, ia-ia lurra sortu zenetik existitu da, ez du asmatzailerik behar izan. Hori diote jende frankok, eta begirunez entzuten die batek baino gehiagok. Hori etengabe errepikatzen dutenek, barkatu atrebentzia, ez dute ideiarik. Hala ere, ez gaitezen oso gogorrak izan; gutixko leitzen dutelakoan nago (izan ere, ez baitute denborarik, egun osoa irrati batetik bertzera). Euskal Herria herri asmatua dela diote ez gutxik Espainian: jakin gabe izan bada ere, asmatu egin dutela erranen nuke nik. Izan ere, horrexegatik existitzen gara, geure burua asmatu dugulako, asmatuz goazelako.

Euskal Herri imajinario baten alde
Santi Leoné

Publicado en  on Junio 20, 2008 at 8:56 am Dejar un comentario
Tags: , , , , , ,