Euskal Herriaren nortasuna eta etorkizuna defendatzerakoan, gehienetan Historia liburuetara jotzen dugu, gure iragan askea edo Nafarroako Erreinua goratuz. Hala ere, espainiar nazionalistek beti dute bere Historia propioa hauei aurre egiteko, eta azkenean Historiari buruzko amaiera gabeko eztabaidak sortzen dira; ea zer herrialde den zaharragoa, Historia manipulatzearen salaketak… Santi Leoné-k, gure izaera, abertzaletasuna eta independentzia aldarrikatzeko etorkizunera begiratzea gomendatzen digu, abiapuntua oraina izanik, Historiaren auzia behingoz baztertuz.
Euskal Herria herri asmatua da; argudioa, erne egonez gero, hamaika tokitan aditzen ahal da irratiko solasaldietan, mahai-inguru politikoetan, iritzi artikuluetan. Espainia, berriz, ia-ia lurra sortu zenetik existitu da, ez du asmatzailerik behar izan. Hori diote jende frankok, eta begirunez entzuten die batek baino gehiagok. Hori etengabe errepikatzen dutenek, barkatu atrebentzia, ez dute ideiarik. Hala ere, ez gaitezen oso gogorrak izan; gutixko leitzen dutelakoan nago (izan ere, ez baitute denborarik, egun osoa irrati batetik bertzera). Euskal Herria herri asmatua dela diote ez gutxik Espainian: jakin gabe izan bada ere, asmatu egin dutela erranen nuke nik. Izan ere, horrexegatik existitzen gara, geure burua asmatu dugulako, asmatuz goazelako.
Euskal Herri imajinario baten alde
Santi Leoné
